Hausnarketa kolektiboaren bidez aletu ditugu ahaidetasun berrien eta feministen esanahiak. Ondoezak, erresistentziak, utopiak, fikzioak, absentziak eta eraldaketarako aukerak zeharkatu ditugu. Ahaidetasuna odol senidetasunetik harago doan zerbait dela berretsi dugu, eta eraikitzen ari garen zaintza sare zein zaintzen gaituen komunitateekin lotura izatea nahi dugula aldarrikatu.
Ahaidetasunen gainean hausnartu dugu, eta sare komunitario horiek sortzeko erreferentziak ezagutu ditugu, aditu zein bertaratu direnen ahotik, eta, gainera, praktika berriak martxan jartzeko estrategiei buruz jardun dugu, bai espazio publiko zein pribatuaren antolaketari dagokion eremutik, hirigintzatik, soziologiatik, antropologiatik, baita lege esparrutik ere. Gainera, gure jendartean familiak nola eraikitzen diren, eta beste ahaidetasunak nola sustatu ditzakegun eztabaidatu dugu.
Mamitsuak izan dira mintegiak; bakoitzak beretik aberastu ditugu elkarren gogoak, minak, esperientziak, iritziak eta barrenak. Urrats bat gehiago izan dira, familia heteropatriarkala zentrotik kendu eta beste ahaidetasun batzuk eraikitzen jarraitzeko ezinbesteko lorratza, ordea.
Mami hori guztia liburuxka batean bildu dugu, bertan hausnartu eta ikasitakoa parte hartu ezin zutenen eskura egon dadin.
LIBURUXKA EROSI NAHI DUZU?
Bidaliguzu email bat bulegoa@emagin.eus epostara zure datuekin eta zurekin harremanetan jarriko gara bidalketa egiteko.